31 abe. Eragiogun gogotik
Urtea amaitzear atzera begiratzean, makina bat gauzaz oroituko gara ziurrenik, eta euskararekin lotuta berri asko samar urtearen hondarrean: Euskaraldia, Euskararen Legeak eta Euskadi Irratiak 40 urte, Elkarrek, Gipuzkoako Urrezko Domina jaso duenak, mende erdia, andereño Elbira Zipitriaren heriotzaren 40. urteurrena … Euskararen kate honetan zer azalduko eta, brontzezko xafla bat urrea balio duena: Irulegiko Eskuko idatzia, orain bi mila eta ehun urtekoa, Iruñeako ingurumarian, non “Sorioneku” hitzarekin hasten den esaera bat, euskaldunok “zorioneko” hitzarekin lotzeko modukoa. Airean zabaldu zen albistea.
Hasierako harridura eta poza pasa gabe, jakinmina sortu zitzaidan gure lurraldean latina sartu aurreko aitzineuskara hartaz. Badakigu hizkuntza zaharra dela euskara baina zerbait gehiago jakin nahi ba. Martin Ugalderen “Hablando con los vascos” liburuan Koldo Mitxelenarekin gai hau ibili zuen kazetari andoaindarrak. Gauza asko esaten ditu Mitxelenak, jakingarriak gaurko ere, 50 urte igaro diren arren elkarrizketa hartatik. “Iruditzen zaidana da Kristo aurreko sei bat mila urte inguru hartzen dituen aldian euskara ez dela inondik etorri –dio hizkuntzalariak–, aldi horretara ingura gaitezke, nahiko zabala dena baina ez gehiegi ere, izan ere atzerago joatea arriskutsuegia litzateke honelako hipotesi batean”. Ez da hemen amaitzen euskararen jatorriari buruzko hizpidea.
Martin Ugaldek Joxemiel Barandiaranen ondorioa aipatzen dio Koldo Mitxelenari, alegia, orain zazpi bat mila urte hemen bertan bilakatu zela Cro-Magnoneko gizakia euskal ezaugarriko gizaki, eta ez zela inondik etorri. “Hizkuntzari buruz iritzi berekoa naiz –erantzuten du errenteriarrak–, ez dela hona inongo kulturarik ekarri eta errotik ezarri duen inbasiorik edo immigrazio masiborik izan, horrek beti utziko zukeelako inbaditzaileekin antzekotasunen bat. Eraginak izan ditu euskarak, jakina, batekin baino gehiagorekin kultur harremanak eduki dituelako, baina hizkuntzak ez du aldaketa garrantzitsurik jasan.” Hau irakurtzean bururatu zitzaidan ona dela gure klasikoak ezagutzea, euskararen duintasuna oso kontuan hartu duen jendea baita. Beren hitzetan dei bat nabari dut oraingo eta geroko euskaldunontzat: egiteko euskaraz eta zaintzeko altxor hau.
Makina bat hizkuntza desagertu ziren latinean urtuta gure inguruan. Euskara ez. Irulegiko Eskuak, Batzar Nagusien adierazpenak esan bezala, “euskararen bide luzea” adierazten du eta “Herri baten nortasunaren ahotsa”, Nafarroatik eta Kristo aurreko garaietatik heldu zaiguna. Iberiera eta zeltiberiera joan ziren; euskarak, aldiz, bizirik dirau, kanpoko hizkuntzen ekarria bereganatuz eta moldatuz, eta aldi berean, bere-bere egiturei eutsiz. Hor daukagu aditza, euskal aditz berezia, pertsona anitzekin josten dena, ez subjektuarekin bakarrik, gaztelaniaz, frantsesez eta inguruko hizkuntzetan ez bezala; eta bestetik, ergatiboa –ai, oi, ai, ergatiboa, nahiaren eta ezinaren borroka nirea–, alegia, aditz trantsitibo eta intrantsitiboen subjektuak desberdinak izatea, ez gaztelanian ez frantsesean ez beste hizkuntza indoeuroparretan gertatzen ez dena, Mitxelenari irakurri diogunez.
Honek guztiak ez du euskara beste hizkuntzen gainetik jartzen, noski. Baina guretzat, Euskadin bizi garenontzat, garrantzitsua da. Euskaldunok ezagutu beharrekoak ditugu gauza hauek. Ez beste inor baino gehiago egiten gaituztelako, geu egiten gaituztelako baizik, eta guri dagozkigulako aitzineuskara, aitzineuskalduna, orain arteko euskararen hari etengabea. Mundu zabala etxean indartsu sartzen ari zaigun honetan, lur bat ematen digute ondo sustraitzeko eta egoki garatzeko. Euskaltasuna egin eta eragiten du unibertso horrek. Euskarak, hizkuntza minorizatua dela jakinik, bere unibertsoa behar du jendearen mintzoa izateko, hemen bizi garen bertakoak nahiz kanpotik datozenak erakartzeko, gure hizkuntza nahi izateko, gustatzeko. Bertsolari batek zioen euskarak erakargarria izan behar duela gazteentzat. Gazteen gurasoentzat ere bai, nire ustez, umeek etxean bizi dutenak zeresana baitu interneten aroan ere.
Bestetik, itxaropena ematen du Euskaltzaindiaren gerizpean Euskararen Gogogoetagunea ari dela jakiteak. Oraindik “sukaldeko lanean”, hurrengo 25-30 urtetan euskara zertan izango den pentsatzen ari dira foro horretan. Jon Sarasua bidegileak darama ekimen horren koordinazioa. Aurreko batean Euskadi Irratian hitz egin zuen. Euskararen egoera “delikatuak” akuilatuta, “erreakzionatu” beharra dagoela zioen. Eztabaida politikoaren garaia dela dio aretxabaletarrak jauzi esanguratsu bat egiteko, poliki eta gurdia idien aurretik jarri gabe baina gurdiari gelditzen utzi gabe.
Lan arloan, aisialdian, komunikabideenean eta hezkuntzan jauzi egiteko pentsatu eta prestatu beharraz mintzo da Sarasua, eta esan du erakundeek egin beharreko politika eta gizarte antolatuari egitea dagokiona, biak uztarri berean joatea komeni dela. Arrazoi duela uste dut, euskarak ez du lehia antzuen beharrik. Hortik sobera eta gehiegi izan dugu. Halaber, iruditzen zait karga ezkorrek ez diotela laguntzen euskararen biziberritzeari, erakarri ordez aldendu egin dezaketela jendea, eta gogaitu euskara ikasten ahalegintzen dena. Agian apaldu samar sumatzen dugun irrika berpizteko, talde eta herri mailan, non dago koska? Bizitzaz gozatzen dugunean eta bizimodua atera behar dugunean, euskaraz gustura aritzea eta euskara baliotsua dela ohartzea ote dira gakoetako batzuk? Iruditzen zait euskara boladan jarriko duen giroa sortzen asmatzea dagokigula erakunde politiko eta gizarteko antolakundeei. ‘Neronentzat eta geure umeentzat euskara nahi dugu eta euskara behar dugu’, biak batera jende askori esanaraziko digun giro baikorra, argitsua, adeitsua, eragitea dagokigu politika eta gizarte arduradunei, “bizitzako funtsezko zereginak euskaraz bizitzeko gaitasuna, motibazioa eta aukera duen nukleo sendo bat” izan dadin gure herrian etorkizunean.
Ez da hutsaren hurrengoa gutxienez zortzi mila urteko haria duen hizkuntzan mintzatzea, aitzineuskara hura gaurko euskara egina lur honetantxe. Ez da berriketa hizkuntza horrek Euskadiri herri izatea eta arnasa era berezian eman izana mendez mende, belaunaldiz belaunaldi. Ez dugu harropuzteko arrazoirik, pozteko bai, ordea: honaino ekarri gaitu euskarak, pozik egon gintezke eta harro, geurea delako. “Herrietan barrena eta denboretan barrena egin dituen ibilaldietatik aberastasun ugari” jasoa, “zernahitarako hizkuntza izateko”, bertsotan egiteko eta sendatzeko, salerosketak egiteko eta literatura ere bai, tailerrean lan egiteko eta gabon kantak abesteko… zernahitarako, bai. Eragiogun gogotik euskarari eta bizi bedi luzaro.
Barkatu, iruzkinetarako formularioa itxita dago une honetan.