03 dic. EUSKARAREN ETORKIZUNA EREITEN
Euskararen Nazioarteko Egunean nahi al duzue froga azkar eta erraz bat egin: galdetu zuen inguruan zeinek asmatu zuen “euskaltegi” hitza. Ea zenbatek dakiten erantzuna. Ez da berriketakoa euskaltegien errealitatea. Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban 1986tik iazko ikasturte arte, batekoz beste, 38.000 ikaslek ikasten dute euskara, %65 emakumezkoak; 1.300 irakasle eta gehiago ari dira gaur egun, Euskadiko Erkidegoko 102 euskaltegietan. Neroni ere HABEren euskaltegi batean ikasitakoa naiz, Donostian. Eta nire bizitzako parte den hitz horren jatorriaz galdetu zidatenean erantzun ezinda geratu nintzen, ez nekien ez nork sortu zuen “euskaltegi” izena ez nondik nora bururatu zitzaion. Honek zirikatuta idazten dut gaurko gogoeta hau, hiru gizon-emakumeri arreta jarriz.
Lehenbizikoa Imanol Berriatua Ibieta da, bizkaitarra, Elantxoben jaioa 1914an. Xabier Kintanari hartu dizkiot hari buruzko jakingarriak. Frantziskotarra zen Imanol Berriatua, datu garrantzitsua gure gairako. Hizkuntzetan trebea, latina, grekoa eta hebreera ikasi zituen, eta zeresanik ez hizkuntza modernoak, ingelesa, frantsesa eta alemana, eta irakurtzeko gai zen italiera eta katalana. Baina bere zaletasuna euskara zen. Erdaldunak euskalduntzea zen haren kezka eta arduretako bat. Euskalduntzeko gramatika liburuak erabiltzen ziren gehienbat baina metodo hark huts egiten zuela ikusten zuen, hizkuntza-arauak irakatsiz ez baitzen euskaraz hitz egiten ikasten. Irlandan gaelikoaren zoritxarra ezagutzen zuen. Alferrik zen hara begiratzea. Hartan, Israelgo berri izan zuen: ia bi mila urte hartan hilda zegoen hebreera piztu ez zuten ba! Frantziskotarrek Lur Santuko zaintza dute, eta ezin egokiago etorri zitzaion Berriatua fraide euskaltzaleari mirari hura bertatik bertara ikusteko. Franco hil berritan joan zen, 1976an. Han ezagutu zituen “ulpan” direlakoak, Israelgo Estatuaren hastapenetan 2. Mundu Gerraz geroztik iristen ziren milaka judu helduei hebreera era trinkoan irakasteko eskolak. Bi hilabete egin zituen Berriatuak haietako batean hebreera hobeto ikasten, eta ea etxerako probetxurik atera zezakeen ikusten. Bai ikusi ere. Erdaldun helduei euskara bestela irakasteko ideia ekarri zuen Israelgo egonalditik. Izanari izena jarri behar eta, “euskaltegi” asmatu zuen frantziskotarrak. Geroxeago, 80. hamarkadan, Jaurlaritza eta euskal egiturak eraikitzen hasi ziren garaian, esan didate bidaia antolatu zuela Euskaltzaindiak 60 bat lagunekin Israelera, eta han ikusi zuten Berriatuak esaten zuena eta aintzat hartu zuten juduen aholkua: ikastaro trinkoak eta barnetegiak behar zirela hizkuntza bizi bat ikasteko. Eta halaxe egin zuten. Ordutik honakoa, gure herriaren historian dago.
Hurrengo erreferentea emakumezkoa dugu: Elbira Zipitria Irastortza. Hemen ere galdera: zenbat jendek daki Elbira Zipitriari zor diogula Nor-Nori-Nork metodoa? 1906an jaio zen “andereñoen andereñoa”. Izatez zumaiarra, ume-umea zela Donostiara joan zen bizitzera familia. Irakasle titulua atera zuen, orduko metodo aurreratuenak ikasiz, adibidez, Montessorirena, eta andereño hasi zen 1926an. Euskal Pizkundea puri-purian zegoen eta abertzaletasuna hedatzen eta indartzen. Giro hartan, Zipitria Eusko Alderdi Jeltzaleko egin zen, Emakume Abertzale Batzan sartuz. Handik sortu ziren ikastolak, Eusko Ikastola Batza, eta 30. hamarkadan, Zipitriak Donostiako lehenbiziko ikastola sortu zuen Alde Zaharrean. Hura gerra malapartatu hark moztu zuen. Baina abertzale ausart hari, diktadurak berak ere ezin izan zion euskararen sua itzali. 40-50eko urte gogorretan, etxeko egongela ikastola bihurtu zuen, guraso batzuek seme-alabei euskaraz erakusteko eskatuta. Ez diru ez aginte, maitasuna besterik ez zeukan Euskadi eta euskararentzat, eta herrien historian noiz behinka sortzen diren pertsonek izaten duten “karisma”, Manuel Lekuonak esanda. Ari denak egiten du eta bila dabilenak aurkitzen. Zipitria euskal aditza erakutsi nahian zebilen ume koskor haiei, baina ezin. Erdararentzako metodoak ez zuen balio euskararentzat. “Agente” esan eta polizia ulertzen zuten haurrek, “paciente” entzun eta gaixoa, “recipiente”, ontzia … horrela ez zegoen karrerarik ateratzerik. Eta halaxe asmatu zuen formula: “Nor-Nori-Nork” euskal aditza erakusteko. Orduan bai ulertu haurrek. Eta helduek. Euskerazaintzaren argitalpen batekoak dira hemen bildutakoak.
Imanol Berriatua eta Elbira Zipitriaren ondoren, eta ondoan, Luis Bandres Unanue ageri zait. Hiruetan gazteena, 1944an jaio zen Pasai Antxon. EHUra joango bagina, edo Deustura eta Mondragon Unibertsitatera, eta gazteei –eta irakasleei– galdetuko bagenie Gipuzkoan unibertsitatean eskolak euskaraz ematearen aldeko eragile nagusia nor izan zen, erantzungo lukete Luis Bandres? “Bidegileak” Jaurlaritzaren bildumako liburuan datoz Bandresen hitzok: “Esan dezaket harrotasun guztiarekin, niri tokatu zitzaidala gerra ostean, ofizialki unibertsitatean euskaraz emandako lehen klaseak gidatzea.” 1975ean, Donostian Kimikako Fakultatea sortu zenean, Luis Bandres izendatu zuten idazkari eta zientzia eta teknologia euskaraz irakastea eta ikastea bultzatu zituen ardura hura izan zuenean. Gero gauza bera EHUn. Hura ez zen bat-batekoa izan ezta Bandresen gauza bakarrik. Belaunaldi baten garra eta giharra zeuden euskararen alde. Etxetik euskaldun ziren gazte haiek unibertsitatean hasi zirenean, euskara baztertuta ikusi zuten. Goi ikasketak amaituta, segituan jabetu ziren fisika euskaraz ikas eta irakats zitekeela. Zientzia eta teknika esparruetan euskaraz aritzeko xedeak batzen zituen eta 70eko hamarkada hasieran Elhuyar Elkartea sortu zuten. Hasieran lagunarteko ekimena zen, egitura gabea, bakoitzak bere lana egiten zuen eta larunbatetan elkartzen ziren eginkizunak banatzeko. Sortzaileetako batek, Iñaki Azkunek, kontatzen du huts egitea “oso arriskutsua” izaten zela, bilerara joan ez zenari Bandresek esango baitzion: “lan hau egin behar duk”, eta “nola nik?”, eta berak; “bai, aho batez erabaki diagu”. Umorea inportantea izaten da … Luis Bandres aukeratu zuten Elhuyarreko zuzendari, lidergorako gaitasunagatik, eta haren zuzendaritzapean atera zen lehen aldiz Elhuyar aldizkaria eta hark gidatuta hasi zen elkartea profesionaltzeko bidea egiten. Abertzalea, Eusko Alderdi Jeltzaleko gizona beti, Jaurlaritzan Kultura Sailburu eta Gipuzkoako Foru Aldundian diputatu izan zen, baina urte gehienak irakaskuntzan eman zituen EHUko Kimika Fakultatean eta Eskola Politeknikoan.
Honek guztiak, Euskararen Nazioarteko Egunean, belaunaldi berrietan pentsarazten dit, gure seme-alabengan. Ez dezagula uste gure historiaz ezjakinak izateak ondoriorik ez duenik. Beharrezkoa dugu eta ona gure gazteek aurrekoen berri izatea. Erroak emanez edozein ideologiaren atzaparretan erortzetik babesten baitu historia ezagutzeak, lehenik nork berea, guk gurea, eta gero besteena. Aitzindari apartak dauzkagu. Ez dira ezerezetik sortutakoak, giro baten ispilua dira, egarri bati erantzuna, belaunaldi baten fruitua eta akuilua. Eta ez gaitezen engainatu pluraltasunarekin: ez da plurala izatea euskara eta euskal izaera ukatzea, alderantziz baizik; euskaldunok euskaraz eginez eragin dezakegu aniztasuna, pluraltasunaren aurkakoa ez baita euskal identitatea baizik eta kultura dominante eta indartsuen homogeneizazio eta uniformitate joerak. Hor ditugu, beste hainbaten artean, Imanol Berriatua, Elbira Zipitria eta Luis Bandres: euskaldun izanez eta euskara eta herri hau maitatuz, ederki zekiten mundura begirada zabaltzen, pluraltasunean mugitzen eta unibertsal izaten. Beraz ba, Euskadiren etorkizuna eraikitzeko, hartu haien lekukoa eta jarrai dezagun euskararen etorkizuna ereiten.
Lo sentimos, el formulario de comentarios está cerrado en este momento.