30 oct. Hondakinen etorkizuna Gipuzkoan
Zestoako etorkizuneko zabortegia da Bilduren milagarren burutazioa hondakin-kudeaketan. Apustu arduragabea, aurrekonturik gabea , plangintzarik gabea eta indarreko ingurumen-legeri zorrotza betetzeko aurreikuspenik gabea. Eta, gainera, ia-ia hiri-eremuan eta Urola ibaiaren ubidetik metro gutxira egongo da kokatuta.
Azken finean, apustu garestia, bai energia-kostu, bai ekonomia-kostuari dagokienez eta, hori, ez dugu zertan onartu gipuzkoarrok eta bertako ingurumenak. Era berean, Bilduk jarraitzen du gipuzkoarroi azaldu gabe nola beteko dituen honakoak: Europar Batasunaren hondakin-zuzentaraua, 3/1998ko Euskadiko Ingurumen Lege Orokorra eta 21/2013ko ingurumen ebaluzioaren Estatuko Legea.
Bilduk Foru Aldundia gobernatzea eta hondakinei buruzko bere ikuspuntu alderdikoia, arduragabekeria sistematikoa izan dira; izan ere, ez du kudeatu eta erakundeaz baliatu da lehengo legealdiko akordioak eragozteko. Eta beste hainbeste egin du, energia-balorizazioa egiteko Zubietako hirigintza-plangintzari dagokionez. Eta arrazoia segidakoa da: batez ere, atez ateko delakoa zabor-bilketa sistema hutsa da, eta ez zaborrak kudeatzeko sistema. Horiek horrela, oraindik, ezinbestekoa da bermatzea tratamendu-zikloa bukatzeko eta energia-balorizazioa (errausketa-instalazioa) egiteko sistema. Eta sistema hori Gipuzkoako indarreko plangintzan dago.Hain zuzen ere, sistema bera dago ezarrita aspaldi oso ekologikoak diren herrietan: besteak beste, Alemania, Danimarka eta Suedian. Eta herri horien ingurumena babesteko tradizioak ezker abertzaleko ekologistarik sutsuena ere zurbilduko luke.
Ingurumenari dagokionez, badirudi Bilduk zaborrekin egin nahi duela beste batzuek egin zuten gauza bera Prestige auzian: “Zaborra, itsasontzia bezala, zenbat eta urrutiago hainbat eta hobeto”. Ingurumen, ekonomia eta gizarteari dagokienez, arazoa konponduta zegoen behin Gipuzkoako Hiri-Hondakinak Kudeatzeko Plan Integrala onartuta. Baina arazoa gure erakundeetara itzuli da bumeran baten moduan eta, beti, Bilduk eta bere arduragabekeriak eraginda.
Europar Batasunaren eta hondakinak murrizten, berrerabiltzen eta birziklatzen (Alemania, Danimarka eta Suedia) puntako herrietako datuek honakoa frogatzen dute: ez da posible “zero zabor” aukera, Bilduren aukera, ameskeria hutsa da, ezinezkoa da; izan ere, hondakinak ez dira desagertzen. Edozein bilketa- eta kudeaketa-sistematan ehuneko edo hondakin-hondar bat dago, eta, horrekin, bukatu behar da tratamendu-zikloa. Eta ziklo hori da Alemania, Danimarka eta Suediako eredua, hau da, zikloa bukatzeko eta balorizazio energetikoa eta materiala egiteko eredua.
Baina, Bilduren nahia –edo hobeto esan, inposizioa- da zaborra beste lurraldeetara edo Zestoako zabortegira eramatea eta, beti, arazoa gainetik kentzeko eta beste batzuei uzteko. Bilduren nahia zentzugabea da ekologiari dagokionez eta ingurumen-, ekonomia- eta gizarte-kostuak dakartza. Eta Gipuzkoak ezin ditu horiek onartu. Beste arduragabekeria bat da Zestoako Osinbeltz harrobian hondakin-fardelak pilatzeko proposamena. Bertan, lurralde- eta hirigintza-plangintzarik gabe eta azterketa nahiz txosten teknikorik gabe ireki nahi du zabortegi berria.
Hitz batez, atez ate delako sistemak ez du konpontzen hiri-hondakinen gaia. Konponbidea ez da zabortegiak berriro irekitzea edo berriak eraikitzea edo hondakinak beste lurraldeetara garraiatzea. Nahiz eta Bilduk burutu nahi ez duen, konponbidea orain dela urte asko dago idatzita eta, hain zuzen ere, Gipuzkoako hondakin-plangintzan: hondakin gutxiago sortzea, hondakinak birziklatzen eta berriro erabiltzen jarraitzea, eta energia-balorizazioa egiteko Zubietako instalazioan gainerako zikloa bukatzea. Bilduk Gipuzkoarentzako programa politikorik edo proiektu estrategikorik ez edukitzeaz gain, ez dio konponbiderik eman nahi hiri-hondakinen gaiari, nahiz eta gaiak dagoeneko konponbidea duen. Eta hori egungo indarreko plangintza da.
Lo sentimos, el formulario de comentarios está cerrado en este momento.