28 abu. Hitzaldi sutsu gutxiago eta gari gehiago
Uztailean zehar Nazio Batuen Erakundearen (NBE) Giza Eskubideen Batzordeak bere azken oharrak jakitera eman ditu, behin 1966ko Eskubide Zibil eta Politikoei buruzko Nazioarteko Itunaren ezarpena Espainian aztertuta eta, hain zuzen, aldizkako seigarren txostena aztertuta. 18 pertsona independentek osatzen dute Batzordea eta egiaztatu dute Espainiak ez duela aurrera egin 2008an emandako gomendioen ezarpenean. Aldizkako bosgarren txostenak ere gomendio berberak ematen zituen eta beraren arabera, Gobernu espainiarrak ez zituen –eta egun ez ditu- Oinarrizko Eskubide batzuk behar bezala babesten. Nahiz eta lerro hauetan ez den posible txostena osorik laburtzea, berak azpimarratzen du Gobernuak ez dituela gai batzuk betetzen. Hala ere, Gobernu espainiarrak hitzaldi triunfalista egiten du eta bere ustez eskubide batzuk babesten ditu. Baina gero ez ditu benetan bermatzen.
Beraz, arraza- edo etnia-diskriminazio ezabapenari dagokionez, NBEren Batzordeak honakoa azpimarratzen du: “Espainiak Arraza- edo Etnia- Diskriminazioa Ezabatzeko Kontseiluari finantza-baliabide beharrezkoak eman behar dizkio, behin horiek lortuta eraginkortasun eta independentziaz agindu ahal izateko. NBEren Batzordeak berriro esaten du Espainiak eraginkortasunez eragotzi eta ezabatu behar duela legea betearazi behar duten poliziek eta funtzionarioek profil etnikoak erabiltzea, (…). Era berean, diskriminazio etnikoak eragindako portaera-hutsegiteak aztertzeaz gain, egileak auzitara eraman behar ditu.
Diskriminaziorik ez izateari dagokionez, NBEren Batzordeak Estatuaren ez betetzeak azpimarratzen ditu eta segidakoa dio: “Espainiak bertan dauden eta bere eskumenean dauden pertsona guztiak berdin tratatzen dituela bermatu behar du, edozein izanda ere bere jatorri nazionala edo etnikoa. Baina, ohikoa den bezala nazioarteko esparruan Espainiako Gobernuak berriro ere NBEren gaitzespena jaso du eta, hain justu, poliziaren tratu txarrengatik eta indarkeriagatik . Eta horixe errepikatu du Giza Eskubideen Europako Auzitegiak (TEDH) azken boladan honako auzietan: San Argimiro Isasa (2507/07), TEDHren 2010-09-28ko epaia; Otamendi v. Spain, 2012-10-16ko epaia; Del Rio v. Spain auzia (42750/09), 2012-07-10eko epaia eta Sala Nagusiaren 2013/10/21eko epaia. Era berean, TEDHk esandakoaren oso antzekoa da, NBEren Batzordeak Espainiari eskatutakoa eta, horiek horrela, Espainiak hitzeman behar du segidakoak egingo dituela:
- (…) saihestu eta ezabatu tortura eta tratu txarrak… indartuz ordena eta segurtasun-indarrren prestakuntza giza eskubideetan, betiere, gaiko nazioarteko estandarretan oinarrituta.
- Sortu salaketa-organo independenteak poliziaren tratu txarrek eragindako kexei erantzuteko.
- Zaindu tortura edo tratu txarren salaketa guztiak azkar, osorik eta modu independentean aztertzen direla eta horien arduradunak justiziaren aurrean agertzen direla.
- Ziurtatu biktimek ordain egokia jasotzen dutela osasun- eta errehabilitazio-zerbitzuak barne.
- Ziurtatu Estatuko agenteek egindako ustezko tortura eta tratu txarren forentse-azterketak inpartzialak eta sakonak direla eta Istanbulgo Protokoloaren arabera egiten direla.
- Debekatu ordenamendu juridikoan indultuak, pertsona horiek tortura egin izanagatik erruduntzat jo direnean.
- Ziurtatu aske ez dauden pertsona guztien polizia-etxeko eta atxiloketa beste leku batzuetako galdeketak grabatzen direla.
Atzerritartasun eta asiloari buruz, NBEren Batzordearen arabera, Espainiak beharrezko neurri guztiak hartu behar ditu asilo-eskatzaileak behin eta berriro ez atxilotzeko. Halaber, ziurtatu behar du atzerritarren atxilotzea arrazoizkoa, beharrezkoa eta egokia dela eta, betiere, gizabanakoaren egoera kontuan hartuta. Gai horretan, NBEren ustez, atxilotzeak ahalik eta laburrena izan behar du eta TEDHk errepikatu duen bezala tortura edo tratu txarren kasu guztiak aztertuta.
Herritarren Segurtasunerako legedi berriaren eta Segurtasun Pribaturako Legearen gainean ere hitz egiten du NBEren Batzordeak. Eta, bertan, Espainia gogor kritikatzen du eta beraren arabera Estatu espainiarrak segidako eskubideak bermatu behar ditu: adierazpen, elkartze eta bilera baketsuaren eskubideak; horiek gizabanako guztiek dituzte eta, era berean, Espainiak eskubideak zaintzeaz gain, horien murrizketek Itunak ezarritako baldintza-zorrotzak betetzen dituztela zaindu behar du eta, betiere, iritzi- eta adierazpen-askatasunari buruzko Batzordearen 34. ohar orokorraren (2011) 21. eta 22. artikuluen 2. paragrafoaren arabera. Herritarren Segurtasunerako 4/2015 Legea eta Zigor-Kodearen hurrengo erreformak berriro aztertu behar ditu Espainiak. Eta, betiere, tartean sartuta dauden guztiei kontsulta egin behar die eta Ituna bete behar du.
Hitz batez, NBEk Giza Eskubideetan eta 1966ko Nazioarteko Itunean jatorria duten eskubideen betetze-mailari dagokionez, Espainiarentzako azterketa mingarria egin du. Txostenak eta TEDHren duela gutxiko jurisprudentziak egiaztatzen dute Espainiako Gobernuaren atzerakada eskubideen eta askatasunen babesean. Eta hori ez da kritika alderdikoian oinarritzen, baizik eta kontraste objektibo, independente eta nazioartekoan. Beste gai batzuetan bezala, Espainiako Gobernuak hobe luke hainbeste hitzaldi sutsu alde batera uztea eta garia ematen hastea.
Barkatu, iruzkinetarako formularioa itxita dago une honetan.