EUSKARAZ EUSKALDUNTZEN

Euskaldun berria naiz. Euskalduntzen doan euskaldun berria. Hori da nire egia. Esan nahi dut, euskara aintzat hartuz eta euskaldun jendeari begirunez, bat ez dela euskalduntzen nolanahi, euskara hizkuntza galanta dela, besteak adina, eta ikastean, nirea egiten noan eran, konturatzen naizela hegoak eta erroak ematen dizkidala, hegoak euskal mundura zabaltzeko eta erroak gure herria bizi eta sentitzeko.

Euskararen Nazioarteko Egunean atzera begiratzen dut eta agertzen zaizkit haurtzarotik arrastoa utzi zidaten gertaerak, familian bizitutakoak. Batez ere, aita zenak nola maite zuen euskara Madrilen bizi ginenean. Etxean esan nituen lehen hitzak, umetan, totel eta motel, baina gogotik, eta Euskal Etxean ere aritzen nintzen euskaraz. Ez naiz ahazten aitak egin zuen urratsaz: Gipuzkoako baserrietan ibili zen bolada batean, Albizturreko Agarren, eta Ataunen, euskararen putzu sakonean murgilduz. Aldi hartan hasi nintzen konturatzen baserriko lan gogorraz eta baserritarren auzolanaz, eta gure kulturaren indarraz eta elkarte kontzientziaz.

Geroago, Donostiara etorri nintzenean ikastera, HABEn ibili nintzen Zuzenbidea egin nuenean. Orduan ere erabakigarria izan zitzaidan aitaren irrika euskara ikasteko. Harengandik datorkit gure hizkuntza hobeto ezagutu eta erabiltzeko ahalegina egitea. Horregatik jarraitzen dut euskara ikasten Batzar Nagusietan. Eskerrak eman nahi dizkiot Albertori, gure irakasleari, erakunde honetan eskolak emanez egiten duen lanagatik. Nabarmentzekoa da 10 batzarkidetatik 8 moldatzen dela euskaraz, lehen bi indarretako ordezkari guztiek dakitela euskaraz eta hiru laurdenek sarri egiten dutela bilkuretan. Erakundeko langileak, berriz, guztiak dira elebidunak, zer esanik ez praktikak egiten dituzten gazte bekadunek. Azken hau ez da anekdota, baizik eta egiturazko alderdi bat.

Euskararen bide zail eta estuez sarri hitz egiten dugu. Egia da neketsua gertatzen dela askotan eta nahiko genukeela euskarak burua altxatzea behingoz, bihar baino gaur egingo balu hobe. Ez gaude baikortasun inozoetarako, baina ezkortasunak indarra kentzen digu. Orduan, euskaldun berri izanik sentitzen dudan zerbait adierazi nahi dut hemen: seme-alabekin euskaraz egiteak ematen didan poza. Ikerketen arabera, animoa pizten duen gauzetako bat da jakitea euskaraz ikasi dugun aita-ama euskaldun berriek euskara ere erakusten diegula haurrei, eta gure harremana euskaraz eraiki dugula etxean. Nik ez nuen hori bizitzerik izan, nahiz eta esan dudan aitagandik jasotako altxorra, euskararekiko maitasun sutsua dela. Horregatik dago su hau bizirik gure etxean. Kontua da euskara ez geratzea etxe barruan baizik eta gure gazteek libre ateratzea kalera.

Honetarako, abantaila bat daukagu Gipuzkoan: euskaldun gehieneko lurraldea da. Euskal Erkidegoan 16 urtetik gorako biztanleen hirutik bat gara euskaldunak; Gipuzkoan erdiak. Eten gabe goaz goraka euskaldunak, VI. Inkesta soziolinguistikoaren arabera: Euskadiko hiru lurraldeetan 212.000 euskaldun gehiago ginen 2016an 1991n baino, eta azpimarratzekoa da 16 eta 24 urte arteko gazteetan gertatzen dena: %71 euskaldunak dira; 1991ean %25. Gaur egun gazteen artean dago euskaldun gehien, nahiz eta gazteek duten pisu txikiena gure biztanlerian.

Horiek horrela, euskara eta eskola lotzeko estrategia funtsezkoa izan dugu. Asmatu egin genuen erabaki politiko hura hartzean, herri bezala. Orain lan esparruaz pentsatzeko aldia heldu zaigu, hizkuntzaz dakitenek diotenez. Normalizazio bidean doan hizkuntza bati eragiteko akuilu bat baino gehiago dago. Erabilera funtsezkoa da. Orain erretiroa hartzen hasita daude euskararen aldeko politikak estreinatu zituztenak eta erreleboa hartzen gazte-jendea, azken mende laurdena ikasten igaro dutenak, gehienak D eta B ereduetan. Horrek esan nahi du, lanean hasten ari diren gizon-emakumeak, euskara ikasita datozela asko eta asko, gehienak, eskolatik. Orain kanta dezakegu “euskara, jalgi hadi lanera”. Enpresetan, dendetan, ostalaritzan, dentistarenean… euskaraz. Euskararen normalizazioa erabiliz etorriko dela esan eta esan ari gara, eta hala da. Bada lan esparru zabala dugu erronka. Erronka eta aukera. Horretarako zer eta nola pentsatu eta adostu behar dugu politikan, kulturan, gizartean, ekonomian… elkar hartuz.

Amaitu aurretik, euskara biziberritzeko bidea ez baita gurekin hasi, aurreko “bidegileak” gogoratu nahi ditut, esker onez. Rikardo Arregi euskalduntze eta alfabetatze mugimenduaren aitzindaria hil zela 50 urte direla eta, haren idazlanen irakurketa izan da Andoainen eta han izatea egokitu zait Batzar Nagusien izenean. Miresmenez irakurri dut Rikardo Arregik idatzitako pasarte bat, eta harrituta ere bai. Euskara batuaren bultzatzaile hark, 60.eko frankismoari aurre eginez nola idazten zuen euskaraz, gure herriari erne eta munduko gorabeherei adi. Euskarari eman zion “behar duen tornuia”, idazkera duin, jaso eta ulergarriaz eta mami jakingarriaz. Hori da hizkuntzari ohore egitea eta prestigioa ematea. Eta hainbat bidegile ditugunez, beste baten hitzekin amaitu nahi dut, Gandiagaren olerki bateko pasarte honekin: Mundua nahi dut maitatu / neure Herriko lurretik, neure Herriko lurretik eta / inork behartu gaberik. / Munduak ez du mugarik / maite duanarentzat: / bere basotik maite du lurra / nire Herriko zuhaitzak. / Libre ez dena, haura da / maite ezin dezakeana. / Maitatzeko libertadea da / nik gaur eskatzen dutana. / Euskara baitut bihotza eta / eta bihotz-taupada bizitzan, / nire libertadea ezin da / euskara besterik izan. Hona nire xedea, Euskararen Egunean bezala bihar eta etzi ere.

Tags:
Ez dago iruzkinik

Barkatu, iruzkinetarako formularioa itxita dago une honetan.